Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Euskaldunok batzen gaituena banatzen gaituena baino garrantzitsuagoa delako.

Atalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Josean Gomez omendu dute

Josean Gomez omendu dute

2011/06/10

Elgoibarko Izarrak kudeatzen duen Tertuliak programako kidea den Josean Gomez omendu dute aurtengo Mintza Egunean.

Elizondon (Nafarroa) ospatu zuten aurtengo Mintza Eguna, ekainaren 4an. Euskara Elkarteen Federazioa den Topaguneak antolatzen du egun hori, eta Euskal Herri osotik azaldutako 270 lagun inguruk parte hartu zuten jaian; tartean zeuden Elgoibartik joandako 7 lagunak;  Elgoibarko Izarrak kudeatzen duen Tertuliak programako kideak, denak ere. Aurten, gainera, nobedade pozgarri bat ere izan dugu elgoibartarrok: Josean Gomez omendu dute, Joseanek Tertuliak programan izan duen bilakaerarengatik.

 Josean Gomezek hasiera-hasieratik hartu du parte Tertuliak programan. Euskara jasotzen eta praktikatzen jardun zuen hasieran; gerora, baina, berak ikasitakoa beste batzuei eskaintzen hasi zen, eta bost urte inguru darama euskara ikasi eta praktikatu nahi dutenen bidelaguna izaten. “Oso gustura dihardut Tertuliak programan; taldean dagoen jendea oso atsegina da, eta, askotan, familia bat ere bagara”.

 “Oso berandu hasi nintzen euskara ikasten, 32 urterekin, eta hasieran asko kosta zitzaidan: lanetik irten ondoren joaten nintzen euskaltegira, bazkaldu gabe, eta oso gogorra izan zen”. Hala ere, euskaltegira oso piper gutxi egiten zuela aitortu digu.

"Oso-oso pozgarria izan zen ni bezalako jendearen eskutik horrelako omenaldi bat jasotzea"

 

Elizondon jasotako omenaldian zer sentitu zuen galdetuta, zera erantzun digu: “Oso harro egon nintzen egun horretan. Lotsa pixka bat pasa nuen, baina lotsak eta pozak bat egiten zuten nire baitan. Oso-oso pozgarria izan zen ni bezalako jendearen eskutik horrelako omenaldi bat jasotzea”.


 Tertuliak programaren gaineko berba batzuekin agurtu gaitu Joseanek: “Jendea animatu nahi dut programan parte hartzera; probatzeko, gutxienez. Astea luzea da, eta ordubete baino ez da tertuliari eskaini beharrekoa. Euskara indartu, jendea ezagutu, lagunak egin, eta, ordubetez bada ere, bizitzako arazoak ahazteko ere balio du programak. Zer gehiago eskatu ahal diogu?!”

Horra Elizondon ospatutako Mintza Eguneko erretratu batzuk.