Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Euskaldunok batzen gaituena banatzen gaituena baino garrantzitsuagoa delako.

Atalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Sostengu ekonomiko eskaera administrazio publikoei

Sostengu ekonomiko eskaera administrazio publikoei

2011/02/21

Euskal Herri osoko euskarazko 80 hedabidek baino gehiagok eskatu diete administrazio publikoei sektorea indartzeko politika berria eta sostengu ekonomikoa. Joan den otsailaren 15ean egin zuten agerraldi bateratua Donostiako Koldo Mitxelena kulturgunean, eta BARREN astekaria ere han izan zen.

 Euskarazko hedabide ez publikoek deia egin diete erakunde publikoei etorkizunera begira sektorean baliabide handiagoak jar ditzaten. Jasone Mendizabal Topaguneko zuzendariak azaldutakoaren arabera, krisi ekonomikoak eta komunikazioaren alorrean izaten ari diren aldaketek "gogor astindu" dituzte euskarazko hedabideak, eta, egoera horri aurre egiteko baliabide handiagoak izan beharrean, laguntzak murriztu egin dizkiete. Diru laguntza handiagoak ez ezik, erakundeen publizitate inbertsioetan ere euskarazko hedabideek pisu handiagoa izatea eskatu dute.
 Era berean, euskarazko hedabide ez publikoen sektoreak gizartean zer leku betetzen duen adierazten duten datuak eman zituen Mendizabalek: prentsa, irratia, telebista eta Internet kontuan izanik, ehundik gora dira euskaraz lan egiten duten hedabideak. Eta, guztira, 620 langilek baino gehiagok egiten dute lan hedabide horietan. Guztien artean, 27 milioi eurotik gorako aurrekontua mugitzen dute, eta zazpi milioi euro inguru sortu eta ordaintzen dituzte zuzenean gizarte segurantza eta zerga bidez.

Zabalkunde handia
2007ko abenduan CIESek propio egindako azterketa bateko datuak eman zituen Topaguneko zuzendariak: "Euskarazko hedabideak 450.000 lagunengana iristen direla dio, eta euskaldunen %57 direla euskarazko hedabideen jarraitzaile. Datu hauek guztiek erakusten dute sektore bizi eta kontuan hartzekoa osatzen dugula". (ikusi hemen: agerraldiko bideoa)

 

Editorial bateratua: Otsailaren 1ean, bestalde, Euskarazko hedabideak, beste jauzi baterako ordua izeneko editorial bateratua sinatu zuten hedabideak. Irakurri hemen.

 

Sostengu ekonomiko eskaera administrazio publikoei

Euskarazko hedabide ez publikoen agerraldi bateratua Donostiako Koldo Mitxelena kulturgunean.