Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Euskaldunok batzen gaituena banatzen gaituena baino garrantzitsuagoa delako.

Atalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Oporrak hartuko ditugu gaur!

Oporrak hartuko ditugu gaur!

2022/12/23

Gaur, abenduak 23, oporrak hartuko ditugu urtarrilaren 2ra arte. Ondo amaitu urte zaharra, bazkide, eta ea urte berrian asko eta ondo egin-eragiten dugun.

2023ko martxoan beteko ditu 60 urte Elgoibarko Izarrak. Elgoibar euskaldunagoa izateko 60 urteko herri-ahalegina. Asko egin da, asko lortu dugu, baina oraindik asko dago egiteko eta egiteke. Hain zuzen ere, hurrengo urteetan egin beharrekoen gainean gogoeta sakona egin nahi dugu 2023an. Hori izango da 60. urteurreneko eginkizunetako bat. Urteroko programei eta ekimenei segida emango diegu, baina hurrengo urteetan zer egin eta non eragin behar dugun erabaki nahi dugu 2023an.

Esan bezala, gaur oporrak hartuko ditugu, baina bihar, abenduak 24, kalean eta plazan egongo gara. Biharkoa egun handia da Elgoibarko Izarrarentzat: Olentzero eta Mari Domingi, elkartearen aldeko tonbola, talo-postua, sagardoa, sagar-zukuak eta sagarrarekin egindako gozoak, … Plazara irten eta jendearekin gozatzeko eguna izango da, alegia.

Abenduaren 28an, berriz, urteroko bertso-jaialdia izango dugu. Puntako bost bertsolari eta Herriko Antzokia goraino beteta. 30 sarrera inguru geratzen dira oraindik, baten bat despistatuta baldin badabil.

Atxutxiamaikakoak, berriz, 2 eta 12 urte arteko 100 ume ingururekin ibiliko dira urtarrilaren 5era arte,  Ludotekarekin batera antolatutako neguko oporraldiak programarekin.

Amaitzeko, BARREN astekariaren hurrengo alea urtarrilaren 5ean izango da, baina, aurretik,  barren.eus atarian abenduaren 24ko eta 31ko ekimenen berri emango dugu luze eta zabal.

Horrekin emango diogu amaiera aurtengoari. Urte zaharrari amaiera ona eman eta izango dugu elkarren berri 2023an!