Mendi irteera gidatua Iturrigorriko basoan barrena
Gure natura ezagutuz egitasmoaren barruan, mendizaletasuna eta naturzaletasuna uztartuko dituen mendi ibilaldi gidatua antolatu dugu aurten ere. Oñatiko Arantzazu ingurura joango gara azaroaren 8an, bertako paisaia ezagutzera.
Ibilaldia: Arantzazun emango diogu hasiera ibilbideari eta Urbiarako bidea hartuko dugu. Ondoren, Pagoko Amabirgina iturritik pasa eta Urbiarantzako bide zaharretik abiatuko gara Erroitegiko arkaiztian barrena. Iturrigorriko basora iritsiko gara azkenean, eta basoan barrena goazen bitartean baso-kudeaketa ezberdinak ikusteko aukera izango dugu; besteak beste, LIFE proiektuko pago-motzak.
Gazteluaitz (917) mendia igoko dugu jarraian, eta inguruko basoen panoramika ederraz gozatzeko parada izango dugu bertatik.
Arantzazurantzko bidea hartuko dugu ondoren Bellotzako kortatik pasatuz.
Ibilbidearen datu batzuk:
-
Distantzia: 11 km
-
Desnibela: 440m
Kotxez joango gara eta plaza mugatuak izango dira.
