Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Euskaldunok batzen gaituena banatzen gaituena baino garrantzitsuagoa delako.

Atalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Martxan dauzkagu 2015-2016 ikasturteko TERTULIAK taldeak

Martxan dauzkagu 2015-2016 ikasturteko TERTULIAK taldeak

2015/12/04

Atzo, Euskararen Nazioarteko Egunean, egin genuen 2015-2016 ikasturteko Tertuliak programaren aurkezpen irekia. 40 lagunek hartuko dute parte aurten, 11 taldetan banatuta.

Tertuliak programako talde guztiak dagoeneko martxan badaude ere, atzo, abenduak 3, egin genuen aurtengo ikasturtearen aurkezpen irekia, Kultur Etxeko sotoan.

Aurkezpen-ekitaldia xumea izan zen, baina benetakoa, eta tertuliakideak izan ziren aurkezpeneko protagonistak. 50 lagun pasa bildu ginen, eta eragileen  aurkezpen txiki baten ondoren, Tertuliak programako bidelarien eta bidelagunen txanda ireki zen. Zergatik eman duzue izena programan? Zer eman dizu Tertuliak programak? eta antzerako galderak egin genizkien bidelariei eta bidelagunei, eta hauen erantzun zintzoak entzuten eman genuen aurkezpenaren zatirik handiena.    

2001ean jarri genuen martxan Tertuliak programa, euskaraz berba egiteko laguntza behar dutenei aukera bat eskaintzeko, eta ordutik ez du etenik izan. Programaren koordinatzailea den Ane Goikoetxeak atzo esan zuen moduan, “gutxi eskatu eta asko ematen duen programa da Tertuliak”.

Hauek dira 2015-2016 ikasturteko datu esanguratsuenak:

a)      40 lagunek hartuko dute parte.

b)      11 talde osatu dira.

c)      30 lagun bidelariak dira, euskaraz hitz egiteko laguntza behar dutenak.

d)      10 lagun dira bidelagunak, bidelariei laguntzeko izena eman dutenak.

e)      20 bidelarik estreinakoz eman dute izena.

Aurkezpenaren amaieran, Danele Sarriugarte idazle elgoibartarrak tertuliakideentzat bereziki idatzitako testu bat irakurri genuen. Horren ondoren, aurkezpenaren alderdi formalari amaiera eman eta luntxa izan genuen.

Tertuliak programaren eragileak AEK euskaltegia, Udal Euskaltegia, Elgoibarko Izarra eta Elgoibarko Udala gara.  

Martxan dauzkagu 2015-2016 ikasturteko TERTULIAK taldeak

Argazkia: Aitor Zabala