Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Euskaldunok batzen gaituena banatzen gaituena baino garrantzitsuagoa delako.

Atalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Lehendakariaren agurra

Lehendakariaren agurra

2011/05/06

Zazpi urte elkarteko Zuzendaritza Batzordean egon ondoren, Ander Soraluzek agur esan digu, maiatzaren 22ko Udal Hauteskundeetan zinegotzi kargura aurkeztu ahal izateko.

“Elgoibartar asko dago oraindik Elgoibarko Izarra zer den eta zertan diharduen ez dakiena“ 

 Azken zazpi urteak elkarteko Zuzendaritza Batzordean jardun ondoren (presidente karguan azken hirurak), Anderrek badoala esan digu. Ez doa urrutira; ez doa nekatu edo aspertu delako; herrigintzan segitu nahi du, euskararen aldeko lanean, baina orain udaletxe barrutik jardun nahi du. Maiatzaren 22ko hauteskundeetan jakingo dugu horretarako aukerarik izango duen ala ez.

-Ander, akorduan al daukazu noiz eta zelan sartu zinen elkartean?
Bai, akordatzen naiz. Jesus Mari Makazagaren Elgoibarko berbetiaren gaineko ikastaroan parte hartu nuen (2004aren amaieran, oker ez banago), eta orduan jaso nuen Elgoibarko Izarrara arrimatzeko gonbitea. Baietz erantzun nuen, bi aldiz pentsatu gabe.

-Zein izan da zure funtzioa urteotan?
Lehenengo urteetan elkarteko Zuzendaritza Batzordeko kide izan nintzan, Ane Zabala lehendakari izan zen artean. Elkartea ezagutzea eta nire aletxoak eskaintzea izan ziren nire eginkizunak. Gero, Anek lehendakari kargua laga zuenean, presidente izateko eskatu zidaten, eta baietz erantzun nien. 

-Zer izan da zailena edo gogorrena?

Leku gehienetan pasatzen den moduan, Elgoibarko Izarran ere barneko arazoak daude, eta horiek konpondu nahian jardun dut urteotan. Gainera, azken aldian, arazo ekonomikoak ere izan ditugu elkartean, eta horiek kudeatzen jardun dugu, bai nik eta baita gainontzekoak ere.

-Diferentea al da Elgoibarko Izarra barrutik edo kanpotik ikusita?
Oso diferentea da, bai. Barruan egon naizen arte ez dut jakin elkarteak 20 langile profesional  inguru zeuzkanik; ez nekien zenbat proiektu diferente kudeatzen zituen; ez nekien zenbat herritarrengana iristen zen; ez nekien elkartearen gaineko hamaika kontu. Eta elkarteko Zuzendaritza Batzordean sartu nintzenean, poliki-poliki hasi nintzen elkarte honen benetako dimentsioa ikusten eta ulertzen. Handia da, benetan, Elgoibarko Izarrak 48 urteotan egin duena, eta egiten diharduena.

-Elgoibartarrek, oro har, badakite zertan diharduen elkarteak?
Nire ustez hori da, hain zuzen ere, Elgoibarko Izarraren hutsunerik handienetakoa. Nahiz eta lan handia egin, eta lan ona, oro har, jende askok ez dauka ideiarik ere Elgoibarko Izarraren gainean. Elgoibartar asko dago oraindik Elgoibarko Izarra zer den eta zertan diharduen ez dakiena. Hori hutsune handia da. Ezagutzen ez dena ez da baloratzen edo estimatzen, eta hori elkartearen kalterako da.

-Zinegotzi izan ahal izateko laga duzu elkarteko lehendakari kargua. Ez al dira, bada, bateragarriak bata eta bestea?

Elkarteko paperetan inon idatzita ez badago ere, nire iritziz elkarteko presidentea ezin da Udaleko zinegotzi izan, eta horregatik laga dut lehendakari kargua. Elgoibarko Izarrako ateak  euskararen alde dauden guztientzat daude zabalik, eta zatarra litzateke horiek denen lehendakariak marka politikoa izatea. Niri, bazkide moduan, ez litzaidake gustatuko elkarteko presidentea partidu jakin batetako zinegotzia izatea, alderdi hori gustukoa izan ala ez.

-Euskararen eta elkartearen alde lanean segituko duzula esan diguzu alde egin aurretik. Zer egingo duzu gure hizkuntzaren alde zinegotzi izatea lortzen baduzu?
Zinegotzi izatea lortzen badut, Elgoibarren euskalgintzan diharduzuen elkarte eta erakundeei ahal duda neurrian laguntzen saiatuko naiz. Orain arte Elgoibarko Izarraren barruan egin dudana, Udaletik egiten ahaleginduko naiz.

-Zu bazoaz, baina Elgoibarko Izarrak segitu egingo du lanean. Zer egoeratan geratu da elkartea?
Momentu honetan, egoera ekonomiko berrira moldatzeko prozesuan dago Elgoibarko Izarra; elkartearen bideragarritasun ekonomikoa aztertu eta landu behar da sakon. Horrekin batera,  elkartearen etorkizuna marrazteko gogoeta-prozesua ere martxan dago. Ez dakit zer irtengo den gogoeta-prozesutik, baina lanerako gogoa eta ilusio ez dira falta. 

-Zein dira, zure ustez, elkartearen etorkizuneko erronkak?

Esan dizudan moduan, gogoeta-prozesua martxan dago, eta bazkide guztion artean erabakiko dugu Elgoibarko Izarraren etorkizuneko erronkak zein izango diren. Gogoeta-prozesua ondo bideratzea eta hartuko diren erabakiak betetzeko bideak zabaltzea izango dira elkarteak egin beharrekoak. Elkarteak 2013an beteko ditu 50 urte, eta urteurrena ospatu ondoren ekingo dio etapa berriari.

-Zerbait esan nahi duzu alde egin aurretik?

Bai, bi gauza esan nahiko nituzke: bat, ez noala oso urrutira, eta elkarteko bazkide izaten jarraituko dut; eta bi, euskararen eta euskal kulturaren alde zerbait egiteko gogoa daukanak, jakin dezala elkarteko ateak zabal-zabalik dauzkala.
 
 Eskerrik asko, Ander, zazpi urteotan Elgoibarko Izarrari eman diozunagatik, eta ea Udalean beste horrenbeste egiteko aukera izaten duzun.

 

Lehendakariaren agurra

Ander Soraluze.