Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Euskaldunok batzen gaituena banatzen gaituena baino garrantzitsuagoa delako.

Atalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Inauterietan ere lanean

Inauterietan ere lanean

2011/02/27

Umorea, musika, festa eta batez ere originaltasuna dira, eta izan dira, aurtengo inauterietako osagai nagusiak Elgoibarren.

 Batzuek ondo pasatzeko, baina, lan egin behar izaten dute beste hainbatek.Halaxe ibili dira inauterietan ere Haurrak eta Gazteak Arlokoak; mozorroa gainetik kendu gabe baina lanean zintzo.

 Ostiral Mehe arratsaldean hasi ziren Elgoibarren inauteriekin lotutako ekintzak. Hala, herriko kaleak zeharkatu zituen Euskal Inauteria amaitu zenean, Ludotekako lagunek mozorro festa egin zuten Ludotekan bertan. Inauterietako ekintzarik nagusienak, baina, inauteri zapatuan ailegatu ziren. Azken urteetan ohitura bilakatu den Atxutxikaraokeak eta mozorro desfileak jendetza batu zuen, beste behin, Plaza Handian. Eguraldi ona lagun, guraso eta ume mordoa azaldu ziren, zapatu arratsaldean, mozorrotuta eta une atsegin bat pasatzeko gogoz. Eszenatoki gainera igo ziren talde ezberdinek modako hainbat abesti kantatu eta dantzen abilak direla erakutsi zuten. Rugby talde bat (Atxutxiamaika Rugby Taldea) osatu zuten Atxutxiamaikakoek ere umeak bezain ondo edo hobeto moldatzen direla dantzan erakutsi zuten. Inauterietako propio prestatutako koreografia berezia dantzatu zuten, batere lotsarik gabe, eszenatoki gainean (honako bideoan ikus dezakezue).

Mozorro eta koreografia lehiaketa
 Gauean nagusiagoen txanda ailegatu zen. Gauerditik aurrera Madalako parkean egin zen Mozorro eta Koreografia Lehiaketan hamahiru talde eta bakarlarik parte hartu zuten. Haurrak eta Gazteak Arloko kideak harrituta geratu ziren guztiek erakutsitako mailarekin. “Eszenatoki gainera igo ziren talde gehienek koreografia oso landuak eta prestatuak eraman zituzten", azaldu du Naiara Martinek.

 Mozorro lehiaketako aurtengo berrikuntza nagusia epaimahaian zegoen, izan ere, aurreko edizioetan elkarte desberdinetako kideek osatu izan dute epaimahaia, baina aurtengo epaimahaia herritarrek osatu zuten estreinakoz. Eta, horien iritziz, Domeniken eskolako ikasle eta mojek merezi izan zuten taldekako lehen saria (275 euro). Bigarren saria Mugerza krosa gaitzat hartuta mozorrotu ziren Mauxitxa txarangako kideek irabazi zuten. Mauxitxakoek, eskertzekoa den eskuzabaltasunez, BARREN astekariari eman dizkiote bigarren sariari zegozkion 175 euroak.
 Bakarkako sarian lehian zeuden 125 euroak, berriz, Naroa Agirre pertika jauzilariaz mozorrotu zen lagunak irabazi zituen. Koreografiarik onena, azkenik, National Geographic taldeko kideek eskuratu zuten.

Bideoa: