Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Euskaldunok batzen gaituena banatzen gaituena baino garrantzitsuagoa delako.

Atalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Gure zuhaitzak landatzen ikastaroa aurkeztuko dugu azaroaren 21ean

Gure zuhaitzak landatzen ikastaroa aurkeztuko dugu azaroaren 21ean

2017/11/16

Nola egiten dira zuhaitz genealogikoak? Zein dira teknologia berriek eskaintzen dizkiguten aukerak? Hori eta gehiago ikasiko dute Gure zuhaitzak lantzen ikastaroan izena ematen dutenek.

Gure Zuhaitzak landatzen ekimena Ibon Serrano elgoibartarrak prestatu eta gidatuko du, eta Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topagunearen babesa dauka. Aholkulari-lanetan, berriz, Pello Arrietak eta Javier Elorza historialari ezagunek jardungo dute. 

Ikastaroaren mamia zuhaitz genealogikoak egiten ikastea da; zuhaitz genealogikoak egiteko egungo teknologia berriek eskaintzen dituzten aukerak ezagutzea. Irakasle edo gidari-lanak Ibon Serranok egingo ditu eta taldean lan egingo da. Ikastaroa da baina teoriari dagokionez, hiruzpalau ordu baino ez dira izango. Informazio teorikoa jaso ondoren, bakoitzak bere etxetik lan egingo du, batez ere, eta hilero bilduko da taldea segimendu-lanak egin eta aholkuak partekatzeko. Prozesu osoak lau hilabete inguru iraungo duela aurreikusten dugu, baina norberak erabakiko du bakoitzaren proiektuaren zabalera eta sakontasuna zenbatekoa izango den.

Azken helburua ekimenean parte hartzen dutenek bakoitzak bere zuhaitz genealogikoarekin lotutako proiektu bat egitea da. Lan hauen aurkezpenaz emango zaio amaiera ekimenari.

Euskara izango da erreferentziazko hizkuntza eta doan izango da. Izena aurretik eman behar da.  

Sekula egin ez duzun zerbait egin nahi baduzu, zeure buruari edo senitartekoei opari berezia egin nahi badiezu, atzerrian galduta duzun senitartekoren bat aurkitu nahi baduzu, familiarteko loturak sendotu nahi badituzu, edo gure historian sakondu eta aurkikuntza bitxiak egin, ez zalantzarik izan eta azaldu proiektuaren aurkezpenera. Gustatuko zaizu!

  • Eguna: Azaroak 21, asteartea
  • Ordua: 19:00
  • Tokia: Kultur Etxeko hitzaldi-gela

 

Oharra: aurkezpenera azaldu ezin baduzu, baina ikastaroan izena emateko gogoa badaukazu, deitu edo idatzi Elgoibarko Izarrara: 943 74 16 26 / elgoibarkoizarra@elgoibarkoizarra.eus (Imanol).