Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Euskaldunok batzen gaituena banatzen gaituena baino garrantzitsuagoa delako.

Atalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Goazen sagardotegira elkarrekin!

Goazen sagardotegira elkarrekin!

2013/03/27

Sagardotegira irteera antolatu dugu apirilaren 13rako. 50. urteurrena ospatzeko baliatuko dugu irteera hau ere, eta beraz, bazkide eta herritarrak gonbidatu nahi ditugu.

Elgoibarko Izarrak urtero antolatu ohi du sagardotegira irteera, baina aurtengoa berezia izatea nahiko genuke. Azken urteotan bazkideentzako irteera antolatu izan dugu, baina jakin badakigu elkarteko bazkide ez diren euskaltzale asko ere badela gure herrian eta guztiokin ospatzekoa iruditzen zaigu Elgoibarko Izarrak 50 urtean egin duen lana.

Horregatik, apirilaren 13rako antolatu dugun sagardotegirako irteerara bazkide eta herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu. Asko delako 50 urtean Elgoibar euskalduntzeko egindako lana, eta denon partehartzeari esker lortu dugulako lortu duguna.

Zein da plana?

Apirilaren 13an, zapatuan, 13:00etan autobusa hartuko dugu King-Kongeko zubian Astigarragara joateko. Astigarragako Larrarte sagardotegian bazkalduko dugu eta lehenengo jan-edanak bukatuta Astigarragan jarraituko du parrandak. Gauerdian, 00:00etan hartuko dugu etxera bueltatzeko autobusa.

Non eman behar da izena?

Elgoibarko Izarrak Ubitarten daukan lokalean eman behar da sagardotegira joateko izena. 40 euro ordaindu beharko dira eta bazkaria eta autobusa ordainduko ditugu horrekin. Apirilaren 10a da izena emateko azken eguna.

Zer dauka berezia irteera honek?

Giroa. Badakigu sagardotegiek badaukatela xarma berezia, baina guk horri geurea gehituko diogu. Makina bat titiritero ditugu inguruan; kantua eta dantza gustuko ditugula jakina da dagoeneko, eta horrek denak motxilan sartuta abantatuko gara Astigarragara. Mereziko du, bai horixe!