Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Euskaldunok batzen gaituena banatzen gaituena baino garrantzitsuagoa delako.

Atalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Gaur hartuko ditugu oporrak!

Gaur hartuko ditugu oporrak!

2014/07/30

Elgoibarko Izarrak ere, beste askok bezala, oporrak hartuko ditu abuztuan. Gaur (uztailak 30) itxiko ditugu bulegoetako ateak, eta hala egongo dira irailaren 1era arte. Hala ere, abuztuan izango dugu zuekin egoteko aukerarik: Abuztuaren 25ean, Txiki eguneko bazkarian, eta abuztuaren 22an eta 28an, BARRENen bi ale bereziekin.

Elkartearen ziklo berriak eskatzen dizkigun prestakuntza-lanetan jardun dugu buru-belarri urtarriletik uztailera. Egindako guztia esateak luze joko luke, baina Idazkaritzan bazkideen parte-hartzea sustatzeko lanean jardun dugu, batez ere. Ekonomia sailean, besteak beste, 2013ko dirulaguntzei eusteko lanean zentratu gara. Atxutxiamaika saila, berriz, berregituratu egin dugu ziklo berrirako, eta saileko lau proiektuetan jardun dugu lanean. BARRENen, azkenik, 2015ean martxan jarriko dugun komunikazio proiektu berria prestatzen jardun dugu, eguneroko eta asteroko lanek laga digutenean.

 Luzea da ziklo berrian egin nahi dugun ibilbidea, eta ondo etorriko zaigu noizean behin atsedena hartzea. 


Txiki eguneko bazkaria, abuztuaren 25ean

Azken hiru urteotan egin dugun moduan, aurten ere Txiki eguneko bazkaria prestatu dugu. 200 lagun inguruk eman dute izena, oraingoz, baina oraindik badago tokia egun horretan gurekin bazkaldu nahi duenarentzat. 646 402 725 mobil-zenbakian eman dezakezue izena. 

 

BARREN bereziak, abuztuaren 22an eta 28an:

Aurten BARRENen bi ale berezi izango ditugu abuztuan. 22an izango da lehena, eta 28an bigarrena. Biak ere San Bartolome jaiei eskainitakoak.  

                                                                              

Bazkide, zuk ere oporrak baldin badauzkazu, disfrutatu, zauden tokian zaudela. Eta oporrik ez daukazuenok, berriz, eutsi goiari, zuen txanda ere iritsiko da-eta.

 

Izan zoriontsu eta bueltara arte, denoi!