Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Euskaldunok batzen gaituena banatzen gaituena baino garrantzitsuagoa delako.

Atalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Euskara eta abertzaletasuna gurutzatuko dituen eztabaida saioa, bihar

Euskara eta abertzaletasuna gurutzatuko dituen eztabaida saioa, bihar

2024/04/22

Abertzaletasunaren diskurtsoa pizgarri edo galga da euskararentzat? Eskutik al datoz euskara eta abertzaletasuna? Batak bestearen beharra al daukate? Aita Agirren izango da eztabaida bihar, apirilaren 23an.

Zergatik eta zertarako euskaldun? programaren baita antolatu dugu eztabaida-saioa.

 

XX. mendean zehar euskarak biziberritze bat izan du olatu desberdinetan, abertzaletasunaren eskutik. Euskara abertzaletasunaren aldarri, eta abertzaletasuna euskararen sostengu, biak bidelagun izan dira. Bidegurutze baten zantzuak ikusten ditugu ordea azken aldian. Euskara eta abertzalegoaren harreman eta loturak egun eta etorkizunari begira hartu nahi ditugu aztergai. XXI. mendean, datozen hamarkadetara begirada jarrita, abertzaletasunaren diskurtsoa pizgarri edo galga da euskararentzat? Zein diskurtso eta ideologiak izan dezake potentziala euskararen pizkunde berri baterako?

 

Partaideak:

Joxe Manuel Odriozola Lizarribar (Altzo, 1948). Donostian bizi da gaztetatik. Erretiratu arte udal euskaltegietako irakasle izan zen gehienbat. Autodidakta da. Bere jakin-minak soziolinguistikara eraman zuen hasieran, eta hizkuntzaren eta nazioaren arteko harremanak aztertzen jardun du azken bolada honetan.

Julen Zabalo Bilbao (Basauri, 1957). Zeberion bizi da. EHUko irakaslea eta Parte Hartuz ikerketa taldeko kidea. Hainbat lan argitaratu ditu nazionalismoa, identitatea, herritartasuna edo subiranotasunari buruz. Euskarak euskal nazioaren ardatz gisa jokatu beharreko funtzioaz ere hausnartu du.

 

Moderatzailea:

Ainhoa Larrañaga Elorza (Angiozar, 1973). Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazioa graduko irakaslea eta ikerlaria da. Urteetan jardun du hainbat euskal hedabidetan kolaborazio lanak egiten. Egun psikologiako gradua ari da ikasketan.

 

Eguna: apirilak 23, asteartea

Ordua: 19:00

Tokia: Aita Agirreko areto nagusian

 

Antolatzaileak:

Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topagunea eta Elgoibarko Udala

Laguntzaileak:

Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza