Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Euskaldunok batzen gaituena banatzen gaituena baino garrantzitsuagoa delako.

Atalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Elgoibarko I. Koplaldia, ekainaren 7an

Elgoibarko I. Koplaldia, ekainaren 7an

2019/05/17

Bi aurkezle, 10 bertsolari, 4 musikari eta bolatokia bete bertsozale. Hori da lortu nahi dugun kuadroa. Kanporaketa sistema izango du koplaldiak, irabazle batekin, baina jai giroa nagusitzea da antolatzaileon helburua. Bolatokian izango da, 21:30ean hasita.

Esan bezala, ekainaren 7an izango da, ostiralean, San Bartolome parrokiaren atzean dagoen bolatokian, gaueko 21:30ean hasita. Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topagunea da antolatzailea, Elgoibarko Udalaren eta Danobat Kooperatibaren laguntzarekin.

Koplaldia jaigiroan egingo den txapelketa-modukoa izango da. Lehiaren pizgarria izango du, baina, batez ere, alaitasuna eta giro ona izango dira koplaldiko osagaiak. Bertsolariak eta koplak izango dira protagonista nagusiak, baina musikarien parte hartzea ere garrantzitsua izango da, hainbat bertsoalditan bertsolariek musikarekin aritu beharko baitute koplatan.

Kanporaketa sistema izango du. Hamar bertsolarik ekingo diote, baina bigarren fasera sei baino ez dira pasako. Hirugarren fasea edo buruz burukoa, berriz, bi koplarik jokatuko dute, irabazlea zein den erabakitzeko.

Koplaldiko irabazleak Aitor Etxeberria artista mendaroarrak Elgoibarko I. Kopladirako propio sortu duen eskultura jasoko du.

Epaimahaia jaialdira joango den publikoak osatuko du; entzuleen parte-hartzea aktiboa izango da. Fase bakoitzean 20 lagunek izango dute gehien gustatu zaizkien bertsolariak nortzuk izan diren erabaki eta hurrengo fasera pasako diren koplariak hautatzeko ardura.

  • Bertsolariak: Eli Pagola, Onintza Enbeita, Miren Artetxe, Maider Arregi, Manex Agirre, Aitor Mendiluze, Andoni Egaña, Odei Barroso, Aitor Bizkarra eta Uxue Alberdi.
  • Musikariak: Sinuöse Kultur Elkarteko Ander Mujika, Iban Urizar, Jon Gurrutxaga eta Patxi Zabaleta.

Koplaldia aurkeztu eta gidatzeko ardura, berriz, Ainhoa Mendibilek eta Danele Sarriugartek izango dute. 

Amaitzeko, sarrera doan izango da, baina eserlekua gordetzeko gonbidapena jasotzeko aukera izango da, ekainaren 3tik aurrera, Elgoibarko Izarrak Ubitarten duen bulegoan. 

Oharra: euria egiten badu, Elgoibarko I. Koplaldia Elgoibarko Gaztetxean izango da.

Nabigatu euskaraz