Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Euskaldunok batzen gaituena banatzen gaituena baino garrantzitsuagoa delako.

Atalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Elgoibar kultura eta hizkuntza aniztasunaren elkargunea izango da Auzoko egitasmoaren 8. jaian

Elgoibar kultura eta hizkuntza aniztasunaren elkargunea izango da Auzoko egitasmoaren 8. jaian

2023/05/31

Elgoibarren elkartuko dira aurten Auzoko egitasmoa martxan duten herri guztietako partaideak. Ekainaren 11n, goizeko 11:30ean hasita, jatorri ezberdinetako hizkuntza eta kulturek bat egingo dute, denon artean euskaratik mundurako zubiak eraiki eta elkarrekin aniztasunean gozatzeko.

Herriz herri egiten den lana plazaratzearekin batera, parte-hartzaileek bertaratzen diren euskaltzale guztiekin bizipenak konpartitzeko aukera polita eskaintzen du Auzoko Jaiak, inguruko zenbait elkarte eta kultur eragilerekin batera. Horretarako, musika, dantza eta gastronomia uztartzen dituen egitarau oparoa osatu dute Euskaltzaleen Topaguneak, Elgoibarko Izarrak eta Elgoibarko Udalak, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesarekin.

Aurreko urteetako arrakasta ikusita, aurten ere ongietorri ekitaldi txiki batek emango dio hasiera egunari Kalegoen plazan. Hamaiketakoaren ostean, gorputzak berriro martxan jarriko ditugu, herrian zehar egingo den musikaz eta dantzaz girotutako ibilbidearekin. Ondoren, Maalako parkera zabalduko da festa, eta bertan zenbait tailer eta ekintzetan parte hartzeko aukera egongo da, haurrentzako jolas gunea tartean. Gainera, bertaratutakoek Auzoko egitasmoaren saioetan egiten diren dinamikak ere hurbiletik ezagutu ahal izango dituzte. Munduko Hizkuntzen Agertokian, bere aldetik, euskal doinuak beste hainbat herrialdetakoekin batera oholtzaratuko dira.

Eguerdi partean, geldialditxo bat egin eta mahaiaren inguruan batzeko unea helduko da, Auzokoko partaideek prestatutako jatorri anitzeko jakiak probatzeko. Azkenik, eguna hasi bezala bukatuko da, hau da, musika eta dantza artean, dantza afrikarren tailerrarekin eta plaza dantzen saio batekin emango baitzaio amaiera aurtengo festari.