Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Euskaldunok batzen gaituena banatzen gaituena baino garrantzitsuagoa delako.

Atalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Bihar, uztailak 30, oporrak hartuko ditugu!

Bihar, uztailak 30, oporrak hartuko ditugu!

2021/07/29

Bihar itxiko ditugu elkarteko bulegoko ateak. Hilabeteko oporrak hartu eta abuztuaren 30ean bueltatuko gara lanera. Gozatu abuztuan, oporrak izan edo ez.

Aurtengo urtearen lehen partea ere ez da erraza izan. 2020an baino gehiago egin eta eragin dugu, baina kontu handiarekin jardun behar izan dugu. Gure onena eman dugu, baldintza onenetan izan ez bada ere, eta orain atsedena hartuko dugu. Hilabeteko atsedena, abuztuaren 30ean lanera bueltatu eta aurtengorako aurreikusitakoak egiten jarraitzeko.

Zer izango dugu oporretatik bueltatzen garenean? 

Atxutxiamaikari dagokionez, berrikuntza dezente izango ditugu aurtengo udazkenean. Betiko programei eustearekin batera, bi proiektu berri ere jarriko ditugu martxan: Katamixarren basoa izango da bat, eta Hurbiltzen egitasmoa bestea. Katamixarren basoa Txillarre baserriarekin batera prestatu dugu. Eskola orduz kanpoko jarduera bat izango da eta naturan hazi eta hezteko gunea eskainiko zaie bertan parte hartuko duten umeei. Hurbiltzen egitasmoa, berriz, Udalarekin elkarlanean prestatu dugu eta Elgoibarrera etorri berri diren familiak eta bertako familia euskaldunen arteko elkar ezagutza sustatzen duen egitasmoa da.

Berrikuntzak, gainera, lantaldean ere izango dira; zuzendariak eta koordinatzaileak (Naiarak eta Anderrek) amatasun- eta aitatasun-baimena hartuko dute, eta haien ordez bi lankide berri izango ditugu bulegoan.

BARREN Komunikazioak proiektuari dagokionez, aurten hasitako bailarako lan-prozesuari segida emango diogu udazkenean. Lan-prozesua Debabarrenako tokiko komunikabideok elkarrekin zer egin dezakegun aztertzeko da, eta horretan jarraitzeko erabakia hartu dugu.  Horrekin batera, zelan ez, eguneroko eta asteroko lan-dinamikari eutsiko diogu.

Urriaren 16an, bestalde, Euskara ala Ezkara ertzetan? jardunaldia izango dugu IMH ikastetxean. Aurten euskal identitatearen gainean jardungo dugu eta, besteak beste, bi hitzaldi eta beste bi mahai-inguru izango ditugu, kontzertu txiki batekin batera. 10 gonbidatu pasako dira oholtza gainetik identitateen gainean jarduteko. 

Tokiko merkataritzan euskararen erabilera sustatzeko kanpaina egingo dugu GUREAN BAI egitasmoaren barruan, Udala eta Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan, “Betikoa. Gertukoa. Eskatu euskaraz, eskaini euskaraz” lelopean.

Azaroaren 22tik abenduaren 5era, berriz, 0-12 urteko umeekin harreman zuzena duten helduengan eragiteko ariketa soziala izango dugu Elgoibarren eta Euskal Herri osoan. 15 eguneko ariketa izango da, eta, esan bezala, umeak inguruan dituzten helduen hizkuntza-portaeretan eragin nahi dugu.

Tertuliak programari dagokionez, ikasturte berriari ekingo diogu urriaren hasieran. Aurreko ikasturtean sei taldetan banatuta jardun zuten 34 lagunek, eta ikusiko dugu kopuru horiek gora egiten duten. 

Idazkaritzari dagokionez, Elgoibarko Izarrak 60 urte bete ditu. Eta zer? dokumentuarekin gabiltza. Dokumentu horretan, lehen atalean, elkarteak azken 30 urteotan egin eta lortu duena jaso dugu. Bigarren atalean, berriz, etorkizunari begirako proposamenak egiten dira. 31 lagunek irakurri dute dokumentua eta iritzi-ekarpenak egin. Irailetik abendura lan-prozesuarekin jarraituko dugu hainbat puntu erabaki eta kontu batzuen gainean gogoeta egiteko.

Amaitzeko, urte amaierako ekintzak dauzkagu: Olentzero eta Mari Domingi, Elgoibarko Izarraren aldeko Tonbola, bertso-jaialdia ... Bertso-jaialdia arazorik gabe antolatuko dugu, okerrik ez dela, baina beste biekin zer egin aztertu beharko dugu irailean, COVID egoera zein den baloratuta.

Hori, udazkenerako daukagun garrantzitsuena. Ikusten duzuen moduan, oporrak ondo etorriko zaizkigu udazkenean datorrenari gogotsu heltzeko.

Ondo pasa oporrak eta zaindu. Irailera arte!