Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Euskaldunok batzen gaituena banatzen gaituena baino garrantzitsuagoa delako.

Atalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Bihar, asteazkena, jarriko dugu martxan Goi Erdi Aroari eskainitako hitzaldi-zikloa

Bihar, asteazkena, jarriko dugu martxan Goi Erdi Aroari eskainitako hitzaldi-zikloa

2023/04/18

Erromaren gainbeheratik Iruñeako erresumaren sorrerara. Mende ilunak argitzen. Hori da hitzaldi-zikloari jarri diogun izenburua. Hiru hitzaldi antolatu ditugu eta Aita Agirre kulturgunean izango dira.

Erromaren krisialdi eta hondamendiaren ondorioz anabasa eta bortxa giroa nagusitu ziren mendebaldeko inperioaren lurraldeetan. Hainbat herrik, gehienak jatorri germaniarrekoak, nahi izan zuten hark utzi zuen botere hutsunea bete.

 

Euskal Herria ez zen salbuespen izan. Garaiko euskal lurraldeetako biztanleek kaos eta bortizkeria egoera pairatu zuten, eta haiei aurre egiteko antolatzeari ekin zioten. Ordutik dator euskaldun oldarkor beregain zalearen mitoa, kanpotik datozkion inposaketa “zibilizatzaile” guztien aurka borrokatzeko beti prest. Dokumentazioa urri eta elezaharra franko duen garai hau izango dugu aztergai aurtengo historia zikloan.

 

 

Apirilak 19, asteazkena:  “Baskonia erromatar aldiaren azkenetan eta ondoko mendeetan”.

 

Jokin Lanz Betelu – Antzinateko Historian doktorea (2017, UPV-EHU) eta Historia eta Ondarea Graduko irakaslea (UPNA).

 

K.o. IV. mendean,  hamarkadetako isiltasun baten ondoren, iturri idatzietan baskoien inguruko aipamenak berragertzen dira, lehen aldiz "Baskonia" dermioa aipatzen delarik. Mendebaldeko Erromatar Inperioaren ondar urteetan,  ipar ekialdetik etorritako herri barbaroen migrazioen eta erromatar inperioaren gainbeheraren lekuko izanen dira Baskoniako biztanleak, lurraldeak berak migrazio hauek eta administrazio inperialaren kolapsoak ekarritako ezegonkortasuna eta segurtasun eza pairatuz. Ordea, VI. mendeak aurrera eginda Pirinioen bi aldeetara franko eta bisigodoen erresumak finkatzen direnean, sekulako dinamismo politiko eta militarra erakusten duten baskoiak topatzen ditugu, beren bizilagun boteretsuei aurre eginez mendebaldean punta puntakoak diren arma eta ezagutza diplomatikoak Baskoniako errealitate berrira egokituz.

 

Apirilak 27, osteguna: “ Akitania-Baskonia eta franko karolingioen erresuma aurrez aurre”.

 

Iñaki López de Luzuriaga – Historia gaietako ikertzailea eta dibulgatzailea, wikilaria. Euskal filologian tituluduna eta humanitate digitaletako graduondoduna. Nabarralde eta UEUko kide.

 

Hitzaldi honetan, erreparatuko zaie Baskoniako Dukerriaren sorrerari, franko merovingio eta karolingioen eraginari, eta Akitania-Baskoniako Dukerri burujabe bikoitzaren goraldi eta gainbeherari, eta aztertuko da nola gerra higatzailearen dialektikak Garona ibaiaren atarira ekarri zituen indar karolingioak Eliza lagun harturik, arreta berezia jarriko zaiolarik gerra luze hartako (711-768) gertakizunei.

 

Maiatzak 3, asteazkena: “Orreagako bataila (778)”.

 

Xabier Irujo – Historialaria. Nevadako (EE.BB) Unibertsitateko Renoko Euskal Ikerguneko zuzendaria. Genozidio ikerketetan katedraduna.

 

Errozabalgo gudua gertaera historikoa da, oso ikertua izan arren, zientifikoki aztertu ez dena. XIII. mendetik aurrera eratu zen narrazio historikoa. Gurutzaden Europaren testuinguruan, xede politikoz tindaturiko literaturak, gertakari historikoa eraldatu zuen, gertakariari erantzuten ez dion elezaharra sortuz. Hitzaldi honetan gertakari historikoa eta elezahar ederra aztertuko ditugu, baina bi munduak, errealitatearena eta fikzioarena, eta bi errealitateak, literarioa eta historikoa, bereiziz.

Errozabalgo gudua enperadore baten handinahiaren ondorioz sortu zen hondamendia da. Tazitoren hitzetan, kolore guztietako enperadoreek “usurpazioari, hilketari eta desjabetzeari inperio deitzen diote, eta ondoriozko suntsipenari, bakea”.

 

 Aita Agirre kulturguneko areto nagusian

 

Arratsaldeko 19:00etan

 

 

Antolatzaileak: Ilunberri Achademia eta Elgoibarko Izarra

Laguntzailea: Elgoibarko Udala