Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Euskaldunok batzen gaituena banatzen gaituena baino garrantzitsuagoa delako.

Atalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Biba Hasier! ekimena: ez dugulako Hasier Etxeberria ahaztu nahi

Biba Hasier! ekimena: ez dugulako Hasier Etxeberria ahaztu nahi

2018/03/13

Martxoaren 29an urtea beteko da Hasier Etxeberria kazetari eta idazle elgoibartarra hil zela. Urtea pasa da Hasierrek agur esan zigunetik, baina elgoibartarrok ez dugu ahaztu. Eta, gainera, ez dugu ahaztu nahi. Horregatik antolatu dugu Biba Hasier! ekimena, bere oroimenez.

Duela urtebete gure artetik joan zen erkidea hobeto ezagutzeko antolatu dugu Biba Hasier! programa, eta hiru ekintza izango ditu: 

  1. Begia zulotik erakusketa, martxoaren 16tik 28ra. Aitor Etxeberria, Edu Arrillaga eta Joxe Ramon Elortzaren lanak egongo dira ikusgai Kultur Etxeko erakusketa-gelan, denak ere Hasier Etxeberriaren testuekin lagunduta. 
  2. Gehigarri berezia, BARREN astekarian, martxoaren 16an. Hasierren etxekoekin eta ingurukoekin egon gara gure erkidea nolakoa zen eta zer egin zuen hobeto jakiteko.     
  3. Biba Hasier! ekitaldia, martxoaren 21ean, Musika Eskolako auditorioan, 19:30ean hasita. Besteak beste, honako gonbidatuak izango ditugu: Mikel Hernandez Abaituaren gogoeta; Joxerra Gartzia eta Oier Aranzabalen arteko elkarrizketa; Urruzuno Literatur Taldekoen irakurraldiak; Iban Urizar eta Aitor Nova musikariak ...

Gonbidatuta zaudete elgoibartar guztiak Hasier Etxebarriaren oroimenez antolatu dugun programan parte hartzera. Hasier ez dugulako ahaztu, eta ez dugulako ahaztu nahi.

  • Antolatzailea: Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topagunea.
  • Laguntzaileak: Elgoibarko Udaleko Kultura Saila eta ETXEPE