Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Euskaldunok batzen gaituena banatzen gaituena baino garrantzitsuagoa delako.

Atalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Badator Gaba Beltza

Badator Gaba Beltza

2023/10/18

Azken urteetan egin ohi dugun bezala, Gaba Beltza ospatuko dugu urriaren 31n. Egitarau zabala dugu aurtengoan: ihes-gela, ipuin kontalaria, Ibilaldi Beltza... Ohitura zaharra berrasmatzeko helburuarekin dakargu berriz ere gurera hildakoak oraitzeko jai hau, eragile ezberdinekin elkarlanean.

Udazkenetik negurako egun gero eta ilunagoen bueltan, erritu ezberdinak egin izan dira Europa osoan. Baita Euskal Herrian ere. 

Urtearen heriotza, uzta bilketa, hildako senideen oroimena… barrura begirako ariketan jartzen gaitu urtaro honek. Aldi berean, iluntasunak eta heriotzaren gaiak elkar beldurtuz jolasean aritzeko parada eman ohi digu. 

Gurean ere badira kontakizunak, kalabazak edo arbiak hustu, aurpegi itxura eman, kandela txiki bat sartu eta bide bazterretan argiztatuta jartzen zirenekoak; bizilagunak beldurtu eta hildakoen arimei bidea erakusteko jarriak.

Erritual ugari mantendu dituen herria da gurea. Baina beste asko urteetan zehar galtzen joan dira, egiten zirenaren ezagutza ere ia galtzeraino. Horietako batzuk berreskuratu eta berriak sortzeko ahaleginean, herriz herri hasiak dira berriz ere udazkeneko egun ilunetako jaiak antolatzen: kalabazak hustu, trapu zaharrekin aurpegia estali, beldurra eragin.. 

Elgoibarren ez ditugu testigantza asko jaso, baina gure inguruan ere bazen Animen Gaua ospatzeko ohiturarik.

Beraz, ohitura hura hartu eta berrasmatu egin nahi izan dugu. Izan ere, egun horien bueltan ospatzen den Halloween jaia indarra hartzen hasi zela ikusirik, eta gure propioa bagenuela jakinda, gurea eguneratu dugu, eta hau, herriko eragile ezberdinekin egin dugu: Inazio Bereziartua musika eta dantza eskola, Egur Arte tailerra, Ikastetxeak, Elgoibarko Ludoteka, Elgoibarko Udalarekin, alegia.

Atxutxiamaikak hasi zuen bide hau, Elgoibarko Udalarekin lankidetzan, eta orain, Elgoibarko Hezkuntza Mahaitik antolatzen dugu Gaba Beltzaren inguruko programa.

 Informazio gehiago KLIK

En bilingüe KLIK