Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Euskaldunok batzen gaituena banatzen gaituena baino garrantzitsuagoa delako.

Atalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Atzo egin genuen Bazkideen Batzar Orokorra

Atzo egin genuen Bazkideen Batzar Orokorra

2024/05/31

Dozena bat bazkide bildu ginen 2023an egindakoa ikusi eta 2024an egiten dihardugunaren gaineko azalpenak entzuteko.

Amaia Sastre lehendakariaren agurrarekin ekin genion Batzar Orokorrari. Azaldu ziren bazkideei eskerrak eman ondoren, 2023 urteak emandakoari erreparatu genion

2023. urteak eman duena:

Egindako guztia azaltzeak luzeegi joko lukeela iritzita, iazko urteari lotutako lau ideia nagusi azpimarratu genituen:

  • Elgoibarko Izarrak 60 urte bete zituen ia, baina urteurrenari lotutako ospakizunik ez prestatzea erabaki genuen, nahiago genuelako lanean zentratzea.
  • Euskararen Historia Soziala Elgoibarren lana osatu dugu Udalak eta Elgoibarko Izarrak elkarlanean (historia soziala). 1950-1990 urteetako euskalgintzaren historia jaso dugu eta historia horretako protagonistei gure esker ona azaldu diegu (Egin zenutelako gara!).
  • Atxutxiamaikari dagokionez, gero eta ekintza gehiago antolatzen eta egiten dihardugu herriko elkarte-eragileekin batera.
  • BARRENi dagokionez, berriz, herritik bailararako ibilbidea arakatzen  ari gara, poliki-poliki bada ere.

Lau ideia nagusi horiek jaso ondoren, 2023an egindakoa laburbiltzen duen erretratu-bideoa ikusi genuen (bideoa).

2023ko laburpenarekin amaitzeko, iazko diru-kontuen berri eman zuen elkarteko kudeatzaileak.  

 

2024ko ideia nagusiak eta aurrekontua:

Aurten ere urteroko dinamika eta ekintzekin jarraituko dugu bi helburu nagusi betetzeko asmoarekin:

1.- Elgoibartarren artean euskalduntasuna sustatzea.

2.- Elgoibarren euskaraz bizitzeko aukerak eta espazioak ugaritzea.

Horrekin batera lau ideia azpimarratu genituen: barrura begirakoak dira lehen biak, eta kanpora begirakoak beste biak.

a.- Barrura begirakoak:

  • Bazkideen eta herritarren parte-hartzea eta aktibismoa sustatu nahi dugu.
  • Elgoibarko Izarraren egitura edo antolamendua errebisatzera goaz. Eta, batez ere, BARREN eta Atxutxiamaika elkartetik kanpo kokatzea aztertuko dugu.

b.- Kanpora begirakoak:

  • Elgoibar 2035: gure herria, euskarari dagokionez, hamar urte barru irudikatu nahi dugu. Nolako Elgoibar nahi dugu hamar urte barru? Azterketa edo ariketa hori elkarrizketa bidez egin nahi dugu, aniztasunean oinarrituta, eta horretarako, besteak beste, Elgoibarko euskalgintza artikulatu nahi dugu. Herri moduan pentsatu, erabaki eta egitea da proposatzen duguna.  
  • Elkarlana eta parte-hartze prozesuak sustatuko ditugu, jendearekin eta jendearentzat egin eta eragin nahi dugulako. Salobenteko berdegunea izan daiteke parte-hartze prozesuen adibide bat (bideoa).

2024ko errepasoari amaiera emateko, aurrekontuen berri eman zuen kudeatzaileak. 

Besterik ez. Hori da aurtengo Batzar Orokorrak eman duena. Ez da batzar jendetsua izan, baina, besterik ezean, egin dugunaren eta egin nahi dugunaren ikuspegia izateko balio du. Egiten dugunaren dimentsioa izateko, beste modu batera esanda. Asko egin genuen iaz, asko egingo dugu aurten, eta asko eta ondo egiten jarraitu beharko dugu, elgoibartarron euskaltasuna sustatu nahi badugu.