Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Euskaldunok batzen gaituena banatzen gaituena baino garrantzitsuagoa delako.

Atalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Arbil-eko kobazulora bisita

Arbil-eko kobazulora bisita

2026/04/01

Morkaiko Mendizale Elkarteak, Elgoibarko Izarraren Atxutxiamaikak eta Elgoibarko Baso Biziak elkarteak garatzen duten "Gure natura ezagutzen" programaren hurrengo ekintza apirilaren 12an izango da, Arbil-eko kobazuloa bisitatzeko irteera, hain zuzen ere.

“Gure natura ezagutzen” programaren aurtengo 2. ekintza "Arbil-eko kobazulora bisita" irteera izango da, Lasturrera.

Apirilaren 12an, Elgoibarko Mintxeta kirol instalazioetako aparkalekuan elkartuko gara, goizeko 09:30ean. Bertatik, kotxeetan  banatu eta Lasturreranzko bideari ekingo diogu. 

10:00ak aldean iritsiko gara bertara eta Arbil-eko kobaren sarrerarako bidea hasiko dugu, Deba eta Lastur artean, Araneta errekak sorturiko arroan zehar.  Bidea, bailararen alde batean kokatzen den ur bidetik doa, kobaren izen berdina duen mendira bidean. 

Behin bertan gaudela, Morkaiko Leizarpe Espeleologia Taldeko lagunek koba erakutsiko digute eta bertako datu zein bitxikeriak azalduko dizkigute. Bazkal ordurako bueltan izango gara.

Irteera DOAN izango da, ez da izena eman beharko eta interesa duen edonor ongi etorria izango da. 

Gogoratu derrigorrezkoa izango dela oinetako egokiak, kaskoa eta linterna (kopetako argia bada hobeto) irteerara ekartzea.

Ekintza udalaren babesarekin gauzatzen da.