Amaitu dugu BATERA ELGOIBARREN herri-ekimenaren lehen fasea
10 urte barru Elgoibarren euskara gehiago egin eta entzuteko gure herrian bete behar diren baldintzak erabakitzea da Batera Elgoibarren herri-ekimenaren helburu nagusia. 105 elgoibartarrek hartu dute parte prozesuan eta zortzi dira onartu diren baldintzak. Irailean ekingo diogu ekimenaren bigarren faseari, eta abenduan aurkeztu eta onartuko dira baldintzak jendaurrean.
Asteazkenean amaitu genuen BATERA ELGOIBARREN herri-ekimenaren lehen fasea. Urtarrilean ekin genion lan-prozesuari eta, denera, 10 lan-bilera egin ditugu. Lehen fase honetan 105 lagunek parte hartu dute, eta parte-hartzaileen artean ezaugarri bat nabarmendu da: aniztasuna. Aniztasuna jendearen adinari, generoari, jatorriari edo lanbideei dagokionez, eta aniztasuna, baita ere, euskaltasunari dagokionez. Euskaltzaleek parte hartu dute, euskaratik urruti dagoen jendeak ere bai, eta baita euskaraz ez dakien jendeak ere. Elgoibarko gizartean dagoen aniztasuna eraman nahi izan dugu lan-prozesura.
BATERA ELGOIBARREN herri-ekimenaren helburu da hamar urte barru Elgoibar herri euskaldunagoa izateko bete behar diren baldintzak aztertu eta erabakitzea. Zer baldintza bete behar dira Elgoibarren, 10 urte barru gure herrian euskara gehiago egin eta entzun dadin? Galdera horri erantzuteko da BATERA ELGOIBARREN prozesua, eta, behin-behinean bada ere, baldintzak erabakita daude. Zortzi izan dira lan-prozesuak onartu dituen baldintzak.
Lehen fasea amaitu dela diogu, BATERA ELGOIBARREN herri-ekimenaren bigarren fasea irailean zabalduko dugulako. Irailetik abendura artekoa izango da, eta helburua lehen fasean onartu diren baldintzak gizarteratzea izango da. Baldintzak azaldu, iritzi-ekarpenak jaso eta herri-ekimenera jende gehiago biltzea da bigarren faseko helburu nagusia. Horretarako, Elgoibarko entitateekin egongo gara haien iritzi-ekarpenak jaso eta prozesuan parte hartzeko gonbita egiteko, eta herritarrekin ere beste horrenbeste egingo dugu. Behin betiko baldintzak abenduaren 3an onartu eta publiko egingo dira, Herriko Antzokian egingo dugu herri-bileran.
BATERA ELGOIBARREN Taupa Euskaltzaleen Mugimenduak proposatu eta gidatu duen lan-prozesua da, eta euren gidaritzapean dinamizatu dute prozesua Elgoibarko Udalak eta Elgoibarko Izarrak. Denok ere oso argi daukagu lan-prozesua jendearekin eta jendearentzat egin behar dugula, eta horretan saiatuko gara hurrengo aste eta hilabeteetan.