Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Euskaldunok batzen gaituena banatzen gaituena baino garrantzitsuagoa delako.

Atalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak AHOZGORA metodologia eskuragarri dago

AHOZGORA metodologia eskuragarri dago

2023/06/14

Eskuragarri dago AHOZGORA; Elgoibar eta Bergaran pilotatutako prozesu parte hartzailea

AHOZGORA herrietako gazteen euskarazko aisialdia garatzeko eta hobetzeko parte-hartze prozesu bat da, eta herriko aisialdiaren diagnostiko bat egitea eta egun dagoen eskaintzaren azterketa eta hobekuntza lantzea ditu xedetzat.

Izan ere, haur eta gazteek gero eta aisialdi antolatuagoa badute ere, haien iritziak kontuan hartu gabe osatzen dira eskaintzak maiz. Zer da benetan nahi dutena? Hori aztertzeko Euskal Herriko txoko ezberdinetan erabil zitekeen metodologia bat sortu nahi zuen Kukulaisi Aisialdirako Topaguneak, hala, gazteen ahotsak erdigunera ekarri eta haien beharrak eta interesguneak identifikatzeko.

Metodologia hori Elgoibarren eta Bergaran pilotatu dugu lehen aldiz Elgoibarko Izarra, Jardun Euskara Elkartea eta Euskaltzaleen Topagunearekin batera. 2 orduko bi saiotan banatu dugu prozesua, eta emaitzak oso positiboak izan dira. Izan ere, ezarritako helburuez gain,  proiektuak gazteen  arteko harremanak sustatzeko eta eragileen eta gazteen arteko saretzea ahalbidetzeko balio izan du. Gainera, aisialdia jorratzen duten elkarte hauentzako benetan argigarria eta erabilgarria izan da proiektua, eta bide berriak zabaltzeko aukera eman du: gazteen kontaktua lortzea, gazte proiektu bat martxan jartzeko lehen pausuak diseinatzen hastea, gazteen beharretatik abiatutako ekintzak egitea, udalekin hartu-emana izatea…

Balorazio erabat positiboa egiten dugu, eta, ondorioz, prozesua beste edonon aurrera eramateko material guztia denontzako eskuragarri jarri dugu Kukulaisiren webgunean (https://topagunea.eus/ahozgora/). Bertan aurkituko dituzue prozesuaren nondik norakoak, saioen diseinua eta baita gazteen proposamenak ere. Ez galdu!