Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Euskaldunok batzen gaituena banatzen gaituena baino garrantzitsuagoa delako.

Atalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Abenduaren 27an izango da eguberrietako bertso-saioa

Abenduaren 27an izango da eguberrietako bertso-saioa

2013/12/09

Abenduaren 27an, barixakuan, izango da eguberrietako bertso-saioa. Maialen Lujanbio, Igor Elortza, Onintza Enbeita, Andoni Egaña eta Amets Arzallus ariko dira bertsotan, Uxue Alberdik jarritako gaiei erantzunez.

Eguberrietako bertso-saioa ate joka dugu dagoeneko. Abenduaren 27an, barixakuan, izango da saioa 22:00etan, Herriko Antzokian, eta Maialen Lujanbio, Igor Elortza, Onintza Enbeita, Andoni Egaña eta Amets Arzallus ariko dira bertsotan. Joan den urtean moduan, aurten ere Uxue Alberdik egingo ditu gai-jartzaile lanak.

Musikariak ere oholtzara

Berrikuntza txiki bat gehitu diogu aurtengo saioari. Aitor Nova eta Nahia Membrillera musikari elgoibartarrak ere hartuko baitute parte saioan, bertsolarien lana musikaz janzteko. 

Sarreren salmenta

Sarrerak abenduaren 16an, datorren astelehenean, jarriko ditugu salgai Elgoibarko Izarrak ubitarten daukan lokalean, eta abenduaren 23tik aurrera Pitxintxu dendan erosi ahalko dira. Saioaren egunean bertan 21:30ean zabalduko da takila, betiere aurre-salmentan sarrera guztiak saldu ez badira.

10 euro balio ditu sarrerak (9 euro Elgoibarko Izarrako bazkideentzat).

2 sarrera irabazi nahi?

Lehiaketa txiki bat jarri dugu martxan. Domekan jokatuko den Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaren harira, porra egin eta lehenengo hiru bertsolarien izena asmatzen dutenen artean bi sarrera zozketatuko ditugu. Izan zaitez gure laguna Facebooken eta idatzi gure orrian zure porra (iruzkin moduan) edo jarraitu gaitzazu Twitterren eta egin porra #TxapeldunaElgoibarren traolarekin abenduaren 14a orduko.