Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Euskaldunok batzen gaituena banatzen gaituena baino garrantzitsuagoa delako.

Atalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak 48 baserri koplatu genituen santa eskean

48 baserri koplatu genituen santa eskean

2011/02/16

Otsailaren 4a oskarbi esnatu zen, eta dena gure alde genuen, urteroko legean, baserriz baserri kantuan eta eskean jarduteko. Inoiz baino jende gehiago bildu ginen, gainera, herriko plazan: bost koplari, lau trikitilari eta koruetan kantuan jarduteko hogei lagun. Zahar eta gazte, mutil eta neska, betikoak eta berriak, denak ere tradizioaren sokari heltzeko prest.

 

Bi taldetan banatu ondoren, batek Idotorbeko eta Aiastiako bidea hartu zuen; besteak, berriz, Sallobentekoa eta Urruzunokoa. Zazpi ordu pasa isildu gabe eman ondoren, 48 etxe koplatu genituen. Asko dira, baina ez ginen guk nahi genuen guztietara iritsi. Barkamena eskatu nahi dizuegu gure zain egon eta kale egin genizuen baserritarroi. Datorren urtean ailegatuko gara zuenera ere.


 Izarrak goitik begira genituela, 22:30ak aldera arrimatu ginen Aiastiako Kalamua soziedadera. Han zeuden gure zain Agustin eta Balentin, mahaiak jantzita eta lapikoak beteta zituztela. Estimatzen dizuegu, benetan, guregatik egiten duzuena. Datorren urtekoa 20. urteurrena izango da. Zapatuarekin batera iritsiko da, gainera, otsailaren 4a, eta saiatuko gara zerbait berezia prestatzen. Merezi duelako Santa Agedak; merezi dutelako baserritarrek; merezi dugulako euskaldunok. Eskerrik asko, denoi, eta datorren urtera arte!

 

 

48 baserri koplatu genituen santa eskean

Elgoibarko Izarrako koruak Idotorbe bailaran eskean.