Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Euskaldunok batzen gaituena banatzen gaituena baino garrantzitsuagoa delako.

Atalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak 37 lagun inguruk jardun dute aurten TERTULIAK programan

37 lagun inguruk jardun dute aurten TERTULIAK programan

2022/06/28

Ekainaren 23an eman genion amaiera TERTULIAK programaren 2021-2022 ikasturteari. Urtero moduan, kultur jarduera bat izan genuen hasteko, eta lagunarteko afari-merienda, gero.

Olatz Pagaldai antzezlariaren Erdaldun berrien kluba bakarrizketarekin, eta Aita Agirre kulturguneko areto nagusia jendez beteta, aparteko lagun-giroan eman diogu amaiera aurtengo TERTULIAK ikasturteari. Orain atsedena hartuko dute bai bidelagunek eta baita bidelariek ere, eta irailaren amaieran ekingo diote ikasturte berriari.

 37 lagun inguruk parte hartu dute aurtengo ikasturtean, zazpi taldetan banatuta. Irailaren amaieran hasi eta bederatzi hilabetez jardun dute astean behin tertulian euskaraz; 35 ordu, denera.    

Euskaraz berba egiteko zailtasunak dituztenei (bidelariak) zuzenduta dago TERTULIAK programa. Bakoitzak dakiena praktikan jarri eta ez dakiena ikastea da helburua. Horretarako, talde bakoitzean euskaraz ondo moldatzen den lagun bat dago (bidelaguna), eta bere ardura izaten da tertulia saioak dinamizatzea.

Programan parte hartzen duten bidelagun eta bidelari banarekin egon gara, eta haien esanetan, TERTULIAK aukera paregabea da euskaraz berba egiteko aukerarik ez dutenentzat, eta ondo baino hobeto dator, baita ere, euskaltegian euskara ikasten dutena praktikan jartzeko. “Presiorik gabe jarduten dugu, giro lasai eta atseginean, lagun giroan, eta ilusio handiz ikusten dugu poliki-poliki soltura irabazten goazela. Horrek, gero, beste jende batekin euskaraz berba egiteko konfiantza ere ematen digu”. Bidelarien eta bidelagunen artean harreman estua sortzen dela ere esan digu bidelagun batek, “lagunak ere egiten gara”, eta TERTULIA eguna heltzeko zain egoten direla ere aitortu digu, “gure gauzak elkarri kontatu eta barre batzuk egiteko”. Amaitzeko zera esan digute: “Euskara ikasten ari bazara, edota euskaraz hitz egiteko konfiantza falta bazaizu, eman izena TERTULIAK programan eta astero ordubete izango duzu lagun berriekin giro bikainean euskaraz berba egiteko. Ez zara damutuko!”.

 

2001ean sortu zen TERTULIAK programa eta Elgoibarko Izarra, Elgoibarko Udala, AEK euskaltegia eta Udal Euskaltegia dira programaren eragileak.