Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Euskaldunok batzen gaituena banatzen gaituena baino garrantzitsuagoa delako.

Atalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak “Gure imajinarioa kantagintzaren bitartez” ikastaroa antolatu dugu urrirako

“Gure imajinarioa kantagintzaren bitartez” ikastaroa antolatu dugu urrirako

2016/06/28

10 orduko ikastaroa izango da, eta kantagintzak euskaldunon imajinarioa eraikitzeko orduan izan duen, eta duen, garrantzia landuko dugu. Elgoibarko Izarrak eta Elgoibarko Udalak elkarlanean antolatu dugu ikastaroa, eta dagoeneko zabalik dago izena emateko epea.

Gotzon Garate zenaren oroimenez urtero antolatzen dugun ekimenaren baitan, aurten “Gure imajinarioa kantagintzaren bitartez” ikastaroa antolatu dugu, elgoibartarron euskaltasuna sustatzeko helburuarekin.

Zelan kantatu dute gure idazle eta musikariek Euskal Herria? Helburua kantagintzak euskaldunon imajinarioa eraikitzeko orduan izan duen garrantziaz gogoeta egitea da. Galdera horri erantzuten saiatuko gara, eta zuzeneko musika izango da transmisiorako erreminta nagusia.

10 orduko ikastaroa izango da, eta irakasleak Gotzon Barandiaran eta Rafa Rueda izango dira. Idazlea eta musikazale amorratua da Gotzon, eta musikaria Rafa.

Ikastaroa bost egunetan emango da, eta bi ordukoa izango da saio bakoitza. Hauek izango dira ikastaroko egunak:

  • Urriak 5,13,19 eta 26

  • Azaroak 2

 

    Ordutegiari dagokionez, 18:30ean hasiko dira saioak, eta bi orduko iraupena izango dute.

    Ikastaroa Kultur Etxeko hitzaldi-gelan izango da, eta plazak mugatuak dira (30 lagunentzako). Prezioa, berriz, 30 € izango da (27 €, Elgoibarko Izarrako bazkideek).

    Esan bezala, izena emateko epea zabalik dago dagoeneko, eta horretarako Elgoibarko Izarrara deitu edo idatzi behar da: 943 741 626 / elgoibarkoizarra@elgoibarkoizarra.eus

    Animatu eta eman izena plazak bete aurretik!