Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Euskaldunok batzen gaituena banatzen gaituena baino garrantzitsuagoa delako.

Atalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak “Euskararen isobarak” hitzaldia emango du Pako Aristik ekainaren 8an

“Euskararen isobarak” hitzaldia emango du Pako Aristik ekainaren 8an

2016/06/03

Euskararen inguruko diskurtsoa kutsatzen duten gezurren gainean jardungo du, batez ere: euskara politizatua dagoela, ez dela modernoa, subentzionatua dagoela, erakargarritasuna falta zaiola…

2014an argitaratu zuen Pako Aristik (Urrestila, 1963) “Euskararen isobarak” liburua, eta liburuan idatzitakoak ekarriko ditu Elgoibarren emango duen hitzaldira. Hona hemen Pakoren hitz batzuk, hitzaldian esango duenaren aurrerapen moduan:

Modu basatian inposatu dira bi hizkuntza Euskal Herrian: espainola eta frantsesa. Hori bai, legearen laguntzarekin, baina guztiz inmorala izan da. Azpiratu dute euskara piramide sozialaren barreneraino, sinetsaraziz gureak direla espainola eta frantsesa ere. Baina ez ziren, eta ez dira. Propaganda erabili dute hori modu naturalean gertatu dela sinestarazteko munduari, baina ez da hala izan, koertzioaren bidez gertatu baita, gure erakunde propioak suntsitu ondoren. Hizkuntza ez baita galtzen dakitenek hitz egiten ez dutelako, dakitenei hitz egitea debekatu zaielako baizik. Halere, diskurtso legitimistak busti du, erabat, gure ideologia linguistikoa. Amesgaiztotik esnatzen garen arte.”


Hitzaldia ekainaren 8an izango da, asteazkena, Kultur Etxeko hitzaldi-gelan, arratsaldeko 19:00etan hasita.

Hitzaldia Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topaguneak antolatu du, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko-Jaurlaritzaren diru-laguntzarekin.